Argazkilari eta lagun askok iraunarazi dute Picasso bere bizitzan zehar: Jean Cocteau-tik Man Ray-ra, Brassaï-tik Henri Cartier-Bresson-era, Richard Avedon-tik Cecil Beaton-era, eta Robert Doisneau-tik Irving Penn-era, beste askoren artean. Ia denek argazkilaritzan historia egin dute eta, kasu batzuetan, artearen, literaturaren eta XX. mendeko ohituren historian. Hala ere, oso gutxik izan dute artistaren esfera pribatua partekatzeko pribilegioa. Horien artean, Edward Quinn eta André Villers nabarmendu ziren, Picasso bizitzaren amaierara arte lagunduz.
EDWARD QUINN
Edward Quinn 1920an jaio zen Dublinen. Ikasketak amaitu ondoren, hainbat lanbide izan zituen. Musikari gisa aritu zen, gitarra eta beste hainbat instrumentu jotzen, eta jendaurrean abeslari gisa ere agertu zen. Ondoren, argazkilaritzan hasi zen. 1950ean, bere lehenengo argazkia argitaratu zuen Irish Independent egunkarian. Gerora, Kosta Urdinera joan zen, urte horietan bizitza sozialaren erdigunea zena. Paris Match-eko kazetari gisa, garaiko izar, zuzendari, intelektual eta mito handiak argazkitu zituen: Charlie Chaplin, Orson Welles, Alfred Hitchcock, Jean Cocteau, Henri-Georges Clouzot, Gary Cooper, Burt Lancaster, Luchino Visconti, Frank Sinatra, Spencer Tracy, Sophia Loren, Brigitte Bardot, Kirk Douglas, Grace Kelly, Gregory Peck, Audrey Hepburn, Aristóteles Onassis, Winston Churchill edo John F. Kennedy, besteak beste.
Quinn ez zen soilik Kosta Urdinaren urrezko aroaren distira eta hedonismoa leialki islatu zituen“paparazzi” bat. Behatzaile arretatsu honek hiriaren errealismo lehorra erretratatu zuen Irlandako paisaiatan maisutasun eta trebetasun handiz.
Rodanoren Ahotara erromesaldian joaten ziren ijitoen eta errumaniarren errealitatea islatu zituen Les Saintes Maries de la Mer-en. Haien festak, dantzak eta errituak argazkitu eta haien kulturaren konplexutasuna, sakontasuna eta poesia harrapatzeko gai izan zen, eguneroko bizitzaren zerizanetik eta sinpletasunetik. Bestalde, Hans Hartung, Francis Bacon, Salvador Dalí, Max Ernst, Alexander Calder, Graham Sutherland edo Georg Baselitz bezalako artisten erretratuak ere egin zituen.
Picasso 1951n ezagutu zuen Vallaurisen, han antolatutako zeramikazko lehen erakusketetako batean. Testuingurua bitxia izan zen eta primeran definitzen du bien artean sortutako enpatia. Argazki-erreportaje baten ondoren, Quinn Picasso-ren estimazioa lortu zuen bere balioagatik, diskrezioagatik eta errespetuagatik, baita bere lan egiteko modu bereziagatik ere: naturala eta espontaneoa, argi artifizialik gabe, tripode barik eta Picassoren jarreraren beharrik gabe.
1955eko udan, Henri-Georges Clouzot-ek Le Mystère Picasso filmatzen hasi zen Nizako La Victorine estudioetan. Edward Quinnek filmaketako zenbait momentu argazkitan harrapatu zituen, eta ildo berean Villersek ere prozesuaren zenbait argazki atera zituen. Filmaketaren bitartean, Picassok bi pintura margotu zituen: Baigneurs eta La Garoupe izenekoak.
Quinnek The Private Picasso: A Photographic Study liburua idatzi zuen, Picasso at Work liburuan parte hartu zuen Roland Penrose-ren testuekin eta Picasso: The Man and His Work dokumentala sortu zuen.
1997an hil zen Altendorf-en, Suitzan, non 1992tik osasun egoera txarragatik erretiratu zen.
ANDRÉ VILLERS
André Villers 1930ean jaio zen Beaucourt-en, Frantzian. 17 urterekin, hezur-tuberkulosiaren forma larria hartu eta Vallauriseko klinika batean ingresatu zuten. Gaixotasunaren ondorioz, bost urte igaro zituen ohean, mugitu ezinik. Jazz musika entzun eta argazkilaritzarekiko pasio sakon bat garatu zuen, kamera ilunaren bitartez praktikatu zuena. Adore handiak eta mugak gainditzeko borondateak bere egoera fisiko latza gainditzea ahalbideratu zion André gazteari, errehabilitazio prozesu zail eta konplexu bat igaroz. 1953an, Vallauris-eko kaleetan paseatzen ari zela, Picassorekin topatu zen aurrez aurre eta argazki bat atera zion. Gerora, Picasso bera izango zen, alemaniar Rolleiflex kamera ospetsua oparituko ziona. Horrela, adiskidetasun eta lankidetza harreman bat hasi zen, margolariaren heriotzeraino, 1973an, iraungo zena.
Biak lanean hasi ziren elkarrekin bilaketa komun batean, pintura eta argazkilaritza fusionatzen zituen esperimentazio baten bitartez. Horrela, bi arteren sintesi original bat sortu zen, beren mugak gainditzen eta aukera berriak zabaltzen zituenak. Kubismoa berraztertu zuten, 50 urte igaro ondoren, «kubismo fotografikoa» sortuz. Picasso-ren lanetaz baliatuz, prozesu berriak aztertu zituzten, argazkilaritza eta pintura artean fusio oso bat lortuz, eta emaitza gisa artearen forma independente eta autonomo bat sortuz, medio eta tresna desberdinak biltzen zituena.
Elkarren artean ehundaka irudi eta fotomontaje sortu zituzten. 1962an, horietako 30, Villersek egindako Picasso-ren cut-out eta overlay-en «interpretazio fotografikoak» Diurnes libururako aukeratu ziren, Jacques Préverten testuekin eta Heinz Berggruen alemaniar bildumazale eta arte-merkatari handiak argitaratua. Villers artistaren irudiak jasotzen zituzten liburu garrantzitsuen egilea izan zen, hala nola Portrait de Picasso (1959), Picasso à Vallauris (1987), eta Picasso dans l’oeil de Villers (1990).
Bere argazkilaritza-lanak Maisuaren proiektu artistiko osoa, lana eta bizitza modu berezi eta apartan dokumentatzen du. 2016an hil zen Mougins-en, Frantzian.
Edward Quinn eta André Villersek margolariaren konfiantza lortu eta haren egunerokotasuna jasotzera heldu ziren. Bi argazkilarien sentikortasun tekniko-artistikoari esker, pintorearen bizitzaren azken zatiaren ibilbidea ikuspegi desberdinetatik egiteko aukera daukagu.
Hitz batez, erakusketa hau osatzen duten argazkiek artista atzean dagoen gizona ezagutzeko aukera eskaintzen dute, bere intimitatean kuxkuxean sartuz. Pasio eta gaitasunez jositako gizona, baina baita maniaz eta obsesioz betea, artistak janzten eta kentzen dituen maskaren argazki serieek erakusten duten bezala.